Algortako bi gazte atxilotu dituzte Santutxun presoen aldeko pegatinak eramateagatik Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Astelehena, 2009 Uzt, 20 - 05:08 PM
Ertzaintzak bi emakume gazte algortar atxilotu zituen atzo, igandea, Santutxuko jaietan, soinean presoen aldeko pegatina bana eramateagatik. Gainera, terrorismoa goratu izana leporatu die. Lekuko bakanen arabera, gertaera goizeko 10ak aldera jazo zen Iturriaga kalean, herriko tabernaren parean. Une horretan, osasun-langileek pertsona bat zelan artatzen zuten ikuskatzen ari zen ertzain talde bat. Gazteak ondotik pasatu zirenean, gelditzeko eta soinekoan zeramatzaten Santutxuko presoen aldeko pegatinak kentzeko agindua eman zieten poliziek. Emakumeek uko egin zioten horri eta identifikazioa eskatu zietenean gainean ez zeramatela esan zieten ertzainei. Orduan "era zatarrean" atxilotu eta Deustuko ertzain-etxera eraman zituzten biak. Bertan, biluztu, gorputza arakatu, eta hatz-markak eta argazkiak atera zizkieten. Ondoren, terrorismoa goratu izana eta desobedientzia larria leporatu zizkieten. Era berean, haien auzia politikoki baliatuko zutela mehatxatu zieten: "hamar urte jango dituzue, zigor zentzagarria izan dadin", esan zien atxiloketan parte hartu zuen ertzainetariko batek. Gazteak egun berean, arratsaldean, gelditu ziren askatasunean. Argazkian, artxiboko irudi bat.
Bestalde, defentsako iturrien arabera, Deustuko ertzain-etxeko poliziek gazteak presionatu zituzten hainbat eskubideri uko egiteko, tartean arreta medikua izateko, euskaraz aritzeko, abokatu euskaldun eta konfiantzakoa izateko edota haien aurkako atestatuaren kopia izateko. Kasu guztietan oztopo eta trabekin mehatxu egin zieten, ziegan gaua emango zutela kasu.
|