|
|
 |
Bertan behera gelditu da Irrintzi eta Fiachras taldeen kontzertua Txorimalon Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Larunbata, 2012 Ots, 04 - 03:49 PM
73 Irakurketa
Antolatzaileekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, bertan behera gelditu da, gaur arratsaldean, Aiaraldeko Irrintzi eta Bergara, Lazkao zein Legazpi artean sortutako Fiachras taldeek eman behar zuten kontzertua. 20:00etatik aurrera egongo ziren Getxoko Txorimalo gaztetxean. Bestalde, Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS) jakinarazi duenez, salgai jarri dituzte jada hilaren 11n egingo duten bertso bazkarirako txartelak. Sekeko gaztetxean bertan zein Plaza Beltza herri kultur-gunean egongo dira salgai, 6 eurotan. Gaueko 9etan hasiko den afariaren ostean, Imanol Uria eta Peio Arondo gazteak arituko dira bertsotan. Argazkian, Fiachras Bergarako gaztetxean / © Fiachras.
|
|
Getxoko Agate Deuna Jaialdian 18 taldek abestuko dute Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 06:38 PM
81 Irakurketa
Bihar, otsailak 4, Agate Deuna bezpera, ez dira gutxi izango koplak abestera kalera aterako diren Uribe Kosta eta Erandioko elkarte eta lagunarteak. Besteak beste, Getxo udalerrian, 26 urte beteko ditu ohiko koru jaialdiak. Egunean zehar, 18 talde arituko dira tradiziozko kantak abesten kalez kale, Getxoko Kultur Etxeak aurreratu duenez. Horiek 18:00etatik 21:00etara jardungo dute. Emanaldiak bi gunetan izango dira: lehenengoa, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta; eta, bigarrena, Algorta eta Getxo. Lehenengo gune horri dagokionez, abesbatzak Xake plazan batuko dira 20:00etan, guztien arteko emanaldia eskaintzeko. Beste horrenbeste egingo dute ordu berean Telletxe plazan. Argazkia: © Getxoko Kultur Etxea.
|
|
Musika antifaxista aukeran izango da iluntzean Leioan Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 04:27 PM
93 Irakurketa
Udondo gaztetxeko asanbladak eta Sare Antifaxistak antolatuta, Antifa Rock Gaua izeneko jaialdia izango da gaur, ostirala, Leioako gune okupatuan, Udondo enparantzako 18. atarian. Iluntzeko 20:30etik aurrera, estetika gore duen Fuertes Dementes taldea, Kompromiso Antisocial banda anarko-punk bizkaitarra eta Ladillas Kon Kresta gasteiztarrak arituko dira oholtzaren gainetik. Sarrera hiru eurotan eskuratu ahal izango da gaztetxeko atean bertan. Gainera, zuzeneko emanaldia bukatzean musika antifaxista jarriko dutela iragarri dute antolatzaileek. Argazkian, Fuertes Dementes taldeko kide bat / © Fuertes Dementes.
|
|
Bihar da Itzubaltzetako autodefentsa tailerrean izena emateko azken eguna Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 03:42 PM
63 Irakurketa
Otsailaren 11rako, larunbata, autodefentsa ikastaroa antolatu du Itzubaltzetako Emakume Asanbladak. Eskolak goizeko 10:30etik 13:30era eta arratsaldeko 15:00etatik 18:00etara emango dituzte. Tailerrerako erabiliko duten gelara abiatzeko, Gobela kiroldegiko liburutegian jarri dute. Ikastaroak toki mugatuak ditu eta izena emateko epemuga bihar, larunbata, izango da. Bitartean, Branka herriko tabernan jarritako zerrendan sartzeko aukera izango da. Tailerra eta bazkariarengatik sei euro ordaintzea eskatu du IEAk. Autodefentsa tailerrean alde fisikoari erreparatuko diote, defendatzeko metodo ezberdinak aztertuko dituztela. "Baina hori baino garrantzitsuagoak diren konfiantza eta autoestimua lantzen ere ikasiko dugu", itzubaltzetarrek azaldu dutenez. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko hainbat emakumek eraso sexisten aurkako elkarretaratze batean.
|
|
Gizonezko bat atxilotu dute Itzubaltzetan bikotekidea kolpatu duelakoan Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 03:33 PM
71 Irakurketa
Getxoko Udaltzaingoak D.F.A.S. inizialak dituen 34 urteko gizona atxilotu du gaur goizaldean, genero indarkeriaren delitu bat leporatuta. Udal iturrien arabera, erasoa 0:35ak aldera izan da Itzubaltzeta / Romoko ostalaritzako establezimendu baten barruan. Ordu horretan Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroak dei bat jaso du esateko taberna baten barruan eztabaida baten ostean gizon batek bere bikotekideari lepoan "kolpe handia" eman diola eta horren ondorioz emakumea lurrera erori dela. Bertsio ofizialaren arabera, bikotekidea kolpatu ostean, ustezko erasotzaileak alde egin du, baina segundo batzuk igaro ondoren itzuli egin da, lokaleko edalontzi batzuk apurtu, bezeroen kontra jarri eta beste emakume bat jo du. Geroago, ibiltzen joan da Leioako udalerrirantz, erroldatuta dagoen tokia. Bertaratutako udaltzainek aurkitu eta atxilotu egin dute ustezko erasotzailea, alde egiten zebilenean. Argazkian, iazko uztailean 15ean, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak herrian izandako bortxaketa saiakera bat, jazarpenak, jarraipenak eta irainak salatu zituen.
|
|
Iñigo Urkullu: "Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa biziki larria da" Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 03:15 PM
68 Irakurketa
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere bozeramaile ezberdinen bitartez, azken egunotan erakutsi du Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarduteko duen asmo zintzoa. Erakunde honek une honetan pairatzen duen krisi ekonomiko eta finantzazkoari aurre egiteko helburuarekin. Azken egunotan ordainketen gelditzeaz eta Administrazioaren kaudimenik ezaren inguruan ezbai publikoak izan dira. Langabezia, Euskadin Estatuan baino arinago hazten jarraitzen du. Eta azken 15 urteotan ezagutu ez dugun langabezi tasara iritsi gara. Honekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalea jakitun da, informazio eta datu propioak ditu hori egiaztatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa biziki larria dela.
|
|
Gidari bat hil da Boluan zubi batetik erori ostean Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 03:01 PM
127 Irakurketa
Bart, 35 urteko gizonezko bat hil da Boluako hezegunean autoarekin istripu bat eragin eta zubi batetik erori ondoren. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertaera atzo gaueko hamar eta erdiak aldera hasi zen, BI-634 errepidean, Sopelako udalerrian, Bilbora bidean. Ordu horretan, bi ibilgailuk (Seat eta Mercedes bana) talka egin zuten. Bertsio ofizialaren arabera, Seat autoko gidariak eragin zuen istripua eta ostean ihesi joan zen. Algortako zubi batera iritsi zenean autoa gelditu egin behar izan zuen, antza, arazo mekanikoak tarteko. Kolpea jaso zuen Mercedes autoa segika joan zitzaion SOS Deiak zerbitzura deitu eta gertatutakoaren berri ematen zien bitartean. Ez zuen deia eten zer gertatuko zain. Gizonezkoa autotik irten ostean, jarrera arraroa mantentzen hasi zen, bide erditik zihoan noraezean eta horren ondorioz, auto batzuek saihestu egin behar izan zuten gizonezkoa ez harrapatzeko. Azkenean, bidearen bestaldetik zubia igarotzen saiatu zen baina zubiko plataformak lotzen dituen zirrikitutik erori zen. Biktima Boluako hezegunera jausi eta osasun zerbitzuetako kideak iritsi aurretik hil egin zen. Argazkian, Ertzaintzaren trafiko kontrol bat, artxiboko irudian / cc-by Irekia.net.
|
|
Irrintzi eta Fiachras musika taldeek joko dute bihar Txorimalo gaztetxean Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 11:50 AM
106 Irakurketa
Larunbat honetan, otsailak 4, Aiaraldeko Irrintzi eta Bergara, Lazkao zein Legazpi artean sortutako Fiachras taldeek emango dute kontzertua Getxoko Txorimalo gaztetxean. Hitzordua 20:00etan jarri dute, 3 euroren truke. Gainera, aurtengo inauteriak prestatzeko dirua ateratzeko asmoz, pintxo goxoak eta patata frijituak prestatuko ditu Algortako San Inazioetako jai batzordeak. Irrintzi 2010eko irailean mamitzen hasi zen, Herrikadak taldeko zenbait kidek euren musika estiloari beste ukitu bat emateko erabakia hartu zutenean. Punka apur bat alde batera utzi eta ska folk doinuak jotzeari ekin zioten; gitarra, baxu, bateria, trikitixa eta biolina erabiliz. Fiachras taldea, berriz, 2007ko erdialdean sortu zen eta orain urte erdi inguru bigarren diskoa plazaratu zuten: "Hiltzera goaz". Brigada Criminal eta Txinaski taldeetako kideak ari dira bertan. Punk-rock eta Oi! estiloetan eskarmentu luzea izan arren, orain countrya eta folka jorratzen ditu, gitarra akustikoak, akordeoia, klarinetea eta organoaz lagunduta. Argazkian, Fiachras Bergarako gaztetxean / © Fiachras.
|
|
Josu Gotzon Landeta: "Gobernarien modernitate atzerakoi eta faltsuaz" Igorlea: sasemorena - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 09:17 AM
79 Irakurketa
Lehengo egunean, etxean zehar sukaldean piztutako irratiko uhinen dantzak Sortzen-Ikasbatuaz erakundeak D ereduaren alde egindako adierazpena zabaldu zuen. Haien esanetan, eredu horren aldeko apustua euskararen eta munduko hizkuntzen aldeko benetako aukera ekologikoa, progresista eta aurrerakoia da, gezurrezko modernitateari uko egin beharrez. Urte askotan zehar, gure jendarteak D ereduaren aldeko jarrera bere egin du, eta horren proba argia dira hainbat herri eta hiritan euskal eredu horretan matrikulatu diren milaka ume horiek. Horrez gain, badira urte batzuk eredu hori gure komunitateko hizkuntza guztien ezagutza bermatzen duen bakarra dela ondorioztatzen zuten datuak argitara eman zirela, eta datu horiek A eta B ereduek funtzio hori nekez betetzen zutela uzten zuten agerian. Argazkian, Josu Landeta irakasle getxoztarra.
|
|
Lanuzte eta mobilizazioak areagotuko dituzte otsailean Metro Bilbaoko langileek Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 09:02 AM
54 Irakurketa
Txema Oleaga Metro Bilbaoko presidente berriak astearteko bileran mahai gainean jarritako proposamena "etsigarritzat" jo du Greba Batzordeak, “ez dituelako langileengan sortutako esperantzak asetzen”. Horren aurrean, eta langileekin bi asanblada izan eta gero, greba egutegi berria aurkeztu zuten herenegun izandako prentsaurrekoan ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek. Horrenbestez, asteazkenean, otsailak 8, elkarretaratzea egingo dute Bilboko auzitegietan; hilaren 9an lanuztea egingo dute; 14an elkarretaratzea egongo da soldata izozteen kontra; otsailaren 16an lanuztea eta manifestazioa egingo dituzte eta hilaren 23an 8 orduko greba egongo da; martxoaren 1erako ere lanuzte deialdia egin dute. Hala ere, datak gehitu edo moldatu daitezkeela azpimarratu zuten. Sindikatuek azaldu zutenez, orain arteko grebak bi edo hiru ordukoak izan dira, baina hemendik aurrera lau eta zortzi ordu bitarteko lanuzteak burutuko dituzte. Greba Batzordeak prentsaurrekoan jakitera eman zuenez, “bilera eta negoziazio guztiak mobilizazioekin bateratuko” dituzte eta dagoeneko, langileen asanbladak mobilizazio eta greba egutegia adostua du. Argazkian, geldialdiarekin batera, dozenaka langilek egin zuten manifestazioa urtarrilaren 19an / © LAB Metro Bilbao.
|
|
D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa bertan behera uztea eskatu dio ezker abertzaleak PPri Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 08:45 AM
54 Irakurketa
Espainiako Auzitegi Nazionalak apiriletik aurrera D3M eta Askatasunarekin lotutako hamahiru lagun epaituko dituela salatu zuen atzo ezker abertzaleak, "epaiketa hori ilegalizazio politiken luzapena baita, argi eta garbi". Auzipetuekin batera eman zuten prentsaurrekoa, Bilbon. Besteak beste, horien artean dira Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra eta Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak esan zuenez, Espainiako Estatuak "blokeo estrategiarekin erantzuten" jarraitzen du Euskal Herrian ireki den egoera berriaren aurrean. Espainiari estrategia hori uzteko eskatu zion, eta, lehen pauso gisa, "salbuespen neurriak" bertan behera lagatzeko: egungo kartzela politika amaitu, orain arte legez kanporatutako antolakunde politikoak legeztatu eta militante politikoen jazarpena alde batera utzi —epaiketa politikoak barne—. "Politika egiteko garaia da", aipatu zuenez. Argazkian, orduko atxiloketak salatzeko manifestazioa Algortan.
|
|
Kukutza II berriz okupatzen saiatzeagatik zabaldutako auzia artxibatu du epaileak Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Ostirala, 2012 Ots, 03 - 08:19 AM
54 Irakurketa
Kukutza II gaztetxea berriro okupatzen saiatzeagatik zabaldutako auzia artxibatzea erabaki du Bilboko Instrukzioko 6. Epaitegiko magistratuak, beste beste, Efe albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Epailearen arabera, "ezin da usurpazio delitutzat jo jabeen utzikeriagatik hutsik dagoen eraikin batean sartzea". Pasa den azaroaren 16an, Kukutza III bota pare bat hilabetera, 1998an Errekaldeko gazteek hiru hilez izan zuten Larraskitu kaleko lokalera sartu ziren berriro ere 27 lagun, haietako sei Itzubaltzeta / Romokoak. Han hiru ordu t'erdiz garbiketa lanetan aritu ziren harik eta Ertzaintzak horma apurtu eta bertatik agindurik gabe kanporatu zituen arte. Tartean, salaketa jarri zuten epaitegian eraikinaren jabeek. Oraingo erabakia ikusita, ordea, "epaitegietatik datozen azken berriek okupazioa delitua ez denaren ideia indartuta" ateratzen dela adierazi dute, plazaratutako idatzian, Kukutza kolektiboko kideek, "azkenengo hilabeteetan hainbat gaztetxeen kontrako epaiketak artxibatu baitira". Besteak beste, horren adibide bezala jarri dute Erandioko Kalezulo gaztetxea. Bertoko okupen aurkako auzia ere artxibatu egin dute orain gutxi. Argazkian, Larraskituko lokala pasa den azaroaren 16an, ertzainek gazteak kanporatu ostean / cc-by-nc-sa Kukutza.
|
|
Gazte inauteriak ospatuko dituzte hilaren 18an Sopelan Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Osteguna, 2012 Ots, 02 - 04:24 PM
88 Irakurketa
Otsaileko agenda prest dauka jada Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS). Horrenbestez, hilaren 4an, Agate Deuna bezperan, herrian zehar abestera aterako dira neska-mutilak. Hitzordua goizeko 11:30ean jarri dute Sekeko gaztetxean. Hilaren 11n, berriz, bertso afaria egingo dute aipatu zentro sozial autogestionatuan, 21:00etan, Imanol Uria eta Peio Arondo gazteen eskutik. Txartelak Sekekon bertan zein Plaza Beltza herri kultur-gunean egongo dira salgai, 6 eurotan. Bestalde, hilaren 18an, larunbatarekin, gazte inauteriak ospatuko dituzte Larrabasterrako Urko kiroldegian. Hurrenez hurren, herri bazkaria (15:00), mozorro desfilea (16:30) eta Urkotik Sopelara arteko kalejira (19:00) izango dira. Amaitzeko, hilaren 26an, Napoka Iria bikoteak emango du kontzertua Sekekon, 19:30ean. Argazkian, mozorro jaia orain bi urte Sekeko gaztetxean / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.
|
|
Sardina martxa historikoa egingo dute larunbatean Getxo udalerrian zehar Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Osteguna, 2012 Ots, 02 - 03:55 PM
110 Irakurketa
"Sardina martxa historikoa" izena jarri dio Algortako Gazte Asanbladak (AGA), larunbat honetarako, otsailak 4, antolatutako ekimenari. Irteera animatu baten bitartez, Getxo udalerria ezagutzeko aukera ezin hobea eskainiko dute, neska-mutilek argitu dutenez. Horrenbestez, goizeko 10etan abiatuko dira Txorimalo gaztetxetik. 12:00etan, berriz, mokadua egongo da. Azkenik, irteerari bukaera emateko, Algortako Portu Zaharrean sardina jana prestatuko dute parte-hartzaile guztiontzat, 13:30ak aldera. Eguna borobiltzeko, gauean, parrandan jarraitzeko aukera ezin hobea izango da Txorimalon bertan. Hala ere, ohartarazi dutenez, eguraldi txarra eginez gero, martxa bertan behera geratuko da. Argazkian, Algortako Portu Zaharra izango da ibilaldiaren helmuga.
|
|
Murrizketen kontrako larunbateko manifestazioa atzeratu dute Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Osteguna, 2012 Ots, 02 - 03:27 PM
89 Irakurketa
Etzi, larunbata, Bilbon egitekoa zen murrizketen aurkako nazio manifestazioa otsailaren 25era atzeratu dute antolatzaileek. ELAk eta LABek iragarri dute atzeratzeko erabakia larunbatean iragarri duten "eguraldi txarraren ondorioz" hartu dutela ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek, jendarte eragileek, langabetuen batzarrek eta Eskubide Sozialen Plataformek. Dagoeneko, 70 erakundek bat egin dute manifestazio deialdiarekin, tartean CNT sindikatu libertarioak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako eta Espainiako gobernuek murrizketen bidea hartu zutela hiru urte igaro direnean, krisi "ekonomiko eta soziala" areagotzen ari den neurrian "urteetako borroken ondorioz lortutako eskubideak" kendu nahi dituztela salatu nahi dute deitzaileek, besteak beste. Argazkian, ELAk atzo bertan deitu zuen larunbatean Bilbora joatera Erandion egindako ekitaldian.
|
|
| |
 |
|